943 49 08 59

Tratamenduak

Zerbitzuak

Aho-hortzetako patologia ezberdinak modu eraginkorrean tratatzen ditugu. Haien artean ondorengoak daude:

Prebentzioa:

Diziplina mediku ororen oinarria da. Miaketa eta diagnostiko egokiaren ostean, gure pazienteei aho-hortzen osasuna eskuratu eta mantentzeko gomendio eta argibideak ematen dizkiegu.

Odontologia kontserbatzaile eta berreskuratzailea

Txantxarrak garatu aurretik hauek prebenitu eta txantxarrak dituzten hortzetan patalogiaren garapena gelditu eta sendatzea xede duen odontologiaren adarra da. Era berean, hortzen azaleko hausturak ere zuzen ditzakegu. Egun ditugun materialek hortzen berezkoa den kolore eta ehundura mimetizatzea ahalbidetzen digute.

Endodontzia

Hortzen erroen hodiak eta hauekin lotutako patologiak tratatzen dituen odontologiaren adarra da. Tratamendurik ohikoena hodien tratamendua edo endodontzia da, infektatutako edo mindutako hortzaren pulpa, “nerbioa”, partzialki edo guztiz erauztean datzana.

Hortz-inplantologia

Hortz-inplanteak galdutako hortzen erroak ordezkatzen dituzten titaniozko egiturak dira. Hauek ezarri eta sendatu ostean hezurrarekin aingura zuzena eratzen da eta hortz-koroak, zubiak edo hortzerien euskarri bezala jarduten dute.

Aho-protesiak

Elementu artifizialen bitartez hondatuta dauden hortzak berreskuratu eta galdutakoak ordezkatzeaz arduratzen den adarra da, osasuna, funtzioa eta estetika berrezarri edo mantentzeko helburua duena. Tratamendua behar duen gunearen ezaugarrien eta pazientearen behar eta nahien arabera, material desberdinez egindako aho-protesiak finkoak zein erauzgarriak izan daitezke.

Gure protesi finkoak CAD/CAM sistemetan oinarritzen dira, hau da, ordenagailuz diseinatu eta landutakoak dira. Teknologia berri hauei esker doitasun handiko ahokadura lortzen da.

Periodontzia

Hortzen eta hortz-inplanteen euskarriko ehunen (hortzoia eta hezur maxilarra) gaixotasun eta anomaliak diagnostikatu, prebenitu eta tratatzen dituen odontologiaren adarra da.

Gaixotasun nagusiak gingibitisa (hortzoien inflamazioa) eta periodontitisa (hortzoien inflamazioa eta euskarriko hezurraren galera) dira; azken hori hortzak galtzearen arrazoi ohikoena da. Patologia hauen tratamenduak aipatutako ehunak sakontasun maila ezberdinetara garbitu eta garbi mantentzera bideratuta daude, gaixotasunak prebenitu eta sendatu edo hauen garapena gelditze aldera.

Hortzoiaren atzera-egiteek hortzen erroak agerian uzten dituzte. Honek hortz-sentikortasunaren areagotzea, hortzen erroetan txantxarren agerrera, eskuilatzean ondoeza eta arazo estetikoak eragin ditzake. Hortzoi-mentuen bidez tratatu ohi dira.

Estetika

Irribarre atseginak faktore askoren menpekoak dira. Diziplina desbedinen konbinazioaren bidez gure tratamendu guztietan emaitza ahalik eta estetikoena lortzen saiatzen gara, osasuna eta funtzioa bermatzeaz gain.

Odontopediatria eta Osakidetzako P.A.D.I.

4 urtetik aurrerako umeak artatzen ditugu aho-hortzen osasunaren garrantzia helarazi eta ager daitezkeen patologia posibleak modu goiztiar eta ahalik eta era kontserbatzailenean prebenitu, diagnostikatu eta tratatzeko. Gainera 7 eta 15 urte bitarteko haur eta gazteei zuzendutako Osakidetzako P.A.D.I. programaren kide gara.

Zenbat denbora pasa da odontologoarenean azkenekoz egon zinetik?

Aho-hortzetako patologiei aurrea hartu eta diagnostiko goiztiarra egin ahal izateko aldizkako azterketak egitea ezinbestekoa da.

Odontologiako hainbat konturen inguruko azalpen-bideoak

Ondorengo bideoen bitartez aho-hortzen inguruko hainbat aholku, teknika eta ondorio azaltzen dizkiduzu. Bideoen azalpena gaztelaniaz badago ere, izenburu bakoitzaren azpian dagoen “+gehiago irakurri”-n klik eginez, bideo ikusi bitartean euskarazko azalpena irakurri ahalko duzu.

Hortz galeraren ondorioak:

Zer gertatzen da hortzak galtzen ditugunean? Honek sor ditzakeen hainbat arazoren berri ematen dizugu.

Hortz baten galerak ahoan hainbat arazo eragin ditzake, denboran zehar larriagotu daitezkeenak.

Mastekatzean janariak hortzoiaren kontra talka egin dezake, hau mindu eta ondoeza eragingo du. Hau ekiditeko beste aldearekin soilik mastekatzera eraman gaitzake, alde honen higadura handiagoa eraginda.

Kontaktu ezak inguruko hortzen mugimendua dakar, galdutako hortzarekin kontaktua bilatzeko asmoz. Ondoko hortzak etzan egingo dira espazioa itxiz eta kontrako hortza bere tokitik atera egingo da kontaktua bilatzera. Mugimendu orokortu honek beste arazo batzuen agerrera eragin dezake. Hortz arteko guneak irregular bilakatzen dira eta batzuetan ireki litezke; honek janari-pilaketa erreztuko du eta, era berean, txantxarren sorrera ere bai. Hortzen posizio berriak garbiketa zailtzen du eta tarteetan lertzoaren eraketa eta periodontitisaren agerrera errazten du.

Hortzen posizioaren aldaketak kontaktu desiragaitz anitz eragiten ditu. Hauetan karga areagotu eta higadura goiztiarrak eraginik. Era berean, mastekatze-gainkargak hortzen egoera periodontalaren okertzea eragiten du, hortzen mugikortasuna eta mina areagotuta, batzuetan hortzaren mantentzea ere kolokan jartzen duelarik.

Halako egoerak zuzentzeko, galdutako hortza ordezkatzeaz gain, mastekatze egokia berrezarri behar dugu, zeinetarako tratamendu konplexuagoak beharrezkoak izan daitezkeen.

Aipatutako guztiagatik, hortz bat galdu bezain laister ordezkatzen badugu, hein handi batean honen galerak eragin ditzakeen arazoak ekindingo ditugu.

Eskuzko eskuilaren bidezko hortzen garbiketa

Otordu bakoitzaren ostean hortzak garbitzeko jarraitu beharreko teknika azaltzen dizugu.du bakoitzaren ostean hortzak garbitzeko egin beharreko teknika desberdinak azaltzen dizkizugu bideo honetan.

Ahoa osasuntsu mantentzeko, otrodu bakoitzaren ostean jarraitu beharreko higiene argibide egokiak ezagutzea ezinbestekoa da. Hortzak osasuntsu mantentzeaz gain, jaso ditugun tratamenduen iraupena bermatzeko beharrezkoa da. Tratamenduen pronostikoa eta hauen denboran zeharreko iraupena aho-higiene egokiarekin erlazio zuzena dauka.

Ahoa lau zatitan banatuko dugu, koadrantetan, garbiketa-sekuentzia errazteko. Hortzetako pasta apur bat besterik ez dugu erabiliko.

Goiko hortzekin hasiko gara. Lehenik eta behin, 1.koadranteko hortzen kanpoko aldea garbituko dugu. Hortzetako eskuila hortzarekiko perpendikular jarriko dugu, hortzoieruntz pixka bat etzanda. Eskuilarekin beherunzko mugimenduak egingo ditugu, hortzaren bukaeraraino bira txiki bat eginez. Eskuila hortzetik banandu eta hainbat aldiz errepikatuko dugu. Mugimenduak beti hortzoitik hortzeranzko norabidea jarraituko du. Behin kanpoko aldearekin amaituta, teknika berbera erabiliko dugu hortzaren barruko aldeak garbitzeko. Azkenik, mastekatze-guneak garbituko ditugu, aurreranzko eta atzeranzko mugimendu horizontalak eginez. 1.koadrantearekin bukatutakoan, 2.koadrantearekin gauza berbera egingo dugu.

Beheko barailan 3.koadranteko hortzen kanpoaldearekin hasiko gara. Eskuila hortzarekiko perpendikular jarriko dugu, hortzoieruntz pixka bat etzanda. Eskuilarekin goranzko mugimenduak egingo ditugu, hortzaren bukaeraraino bira txiki bat eginez eta beti hortzoietik hortzerako noranzkoa jarraituz. Hortzen kanpoaldearekin bukatutakoan barrualdearekin jarraituko dugu eta segidan mastekatze-guneak garbituko ditugu goiko barailan bezalaxe. 4.koadrantea 3.aren moduan garbituko dugu. Azkenik, mihia garbituko dugu. Mihia atera eta mihiaren atzekaldean eskuila perpendikularki jarriko dugu. Atzetik aurreranzko mugimenduak egingo ditugu. Aho-higiene egokia mantendu ahal izateko, eskuilak egoera onean eta zikinkeriarik gabe egon behar du. Horretarako, 2-3 hilabetero aldatu beharko dugu.

Hortzetako eskuila elektrikoaren erabilera

Hortzetako eskuila-elektrikoa modu egokian erabili eta mantentzeko beharrezko azalpenak emango dizkizugu.

Eskuzko teknikarekin bezala, ahoa lau koadranteetan banatuko dugu. Hortzetako pasta apur bat besterik ez dugu erabiliko. Sekuentzia berbera jarraituko dugu koadrante bakoitzeko hortzak garbitzeko. Hortzen kanpoko aldeak garbitzen hasiko gara. Eskuila hortz bakoitzaren gainean kokatuko dugu, presio arina egin eta segundu batzuen buruan jardun dezan utzita. Hortza eskuilaren burua baina handiagoa bada, bira-mugimendu sotila egingo dugu, gainazal guztiak garbitu ditugula baieztatzeko. Ondoren, teknika berdina jarraituz, hortzen barruko aldeak garbituko ditugu eta, azkenik, mastekatze-guneak garbituko ditugu. Eskuilaren garbiketa eta buruaren ordezkatzea zehazten duten fabrikatzailearen argibideak jarraituko ditugu.

Higiene-teknika osagarriak

Eskuilatzeaz gain, aho-hortzen higiene eta zaintza egokia bermatzeko erabiltzen diren hortz-zintaren, hortzarteko eskuilen eta mihi harraskagailuaren erabilera azaltzen dizugu. Horra hor teknikak.

Hortz-zeta hortz-eskuilaren primerako osagarria da, hortzen arteko guneetan geratu diren eta eskuilak kendu ezin dituen janari-gainerakoak kanporatu ahal dituelako. Gutxienez egunean behin erabili beharko dugu. 40zm inguruko zatia moztuko dugu eta mutur bakoitzarekin esku bakoitzeko erdiko hatzaren inguruan hainbat bira emango ditugu. Jarraian, eskuetako batean hortz-zeta jasoko dugu, esku horretako erdiko hatzaren inguruan bira gehiago emanda. Horrela, alde batetik askatzen eta bestean jasotzen joan ahalko gara, beti hortz-zeta garbia pasa ahal izateko. Hortz-zeta maneiatzeko bi eskuetako hatz erakuslea eta lodia erabiliko ditugu.

Goiko hortzetarako eskuak hortz-zeta esku bateko hatz erakuslerekin eta beste eskuko hatz lodiarekin eusteko kokatuko ditugu. Hatz erakuslea ahoaren barrukalderantz kokatuko dugu eta zeda leunki pasako dugu hortzenarteko gunean, uneoro hortzaren gainazalaren contra alborako presioa eginez, inoiz ere hortzoiaren kontra. Zeta hortzarteko gune bakoitzetik pasako dugu, bi hortzen gainazalak garbitzen.

Beheko hortzetarako, hortz-zeta esku bakoitzeko hatz erakusleekin helduko dugu. Goiko barailean egindako mugimendu berberak errepikatuko ditugu.

Hortzarteko eskuilak hortzarteko espazioak handiak direnean erabiltzeko oso aproposak dira, zeintzuetan hortz-zetak janari-gainerakoak behar bezala kanporatu ezin dituen. Hortzak elkarrengandik bananduta daudenean ere hortz-zeta ez da nahiko izaten. Eskuilatxoa tartean kontu handiz sartu eta mugimendu horizontalak eginez erabiliko dugu, tartean sartu eta ateraz. Tamaina egokiko eskuilak aukeratzea garrantzitsua da, hortzarteko espazioan leunki sartu eta kontaktua hortzen gainazalekin soilik egiten dutenak. Gaixotasun periodontala duten pertsonengan, hezur-galeraren eta hortzoien atzera-egitea dela-eta, hortzen arteko espazioak agertuko dira; kasu horietan, espazioak garbi mantentzeko hortzarteko eskuilen erabilera ezinbestekoa izango da. Eskuila hortzoiaren eta hortzen arteko espazioan sartuko dugu eta mugimendu horizontalak egingo ditugu. Aho-higiene egokia izateko, bukaeran mihia garbitu beharko dugu beti. Harraskagailuak mihiaren gainazala garbitzeko tresna egokiak dira. Eskuzko eskuilarekin erabilitako teknika berbera jarraituz, mihia atera eta harraskagailua mihiaren atzekaldean kokatuko dugu eta atzetik aurreranzko mugimenduak egingo ditugu.

Zer dira hortz-inplanteak

Ondorengo bideoan hortz-inplanteak zer diren, erabiltzen diren materialak zeintzuk diren eta prozesuaren teknika osoa azaltzen dizkizugu.

Hortz-inplanteak galdu ditugun edo ez ditugun hortzak ordekatzeko aukera ona dira. Era berean, errehabilitazio finko edo erauzgarriak eusteko balio dute. Orokorrean erro artifizial gisa jokatzen dutela esan genezake. Hortz-inplante gehienak titanio puruzkoak dira. Titanioa material biokonpatiblea da eta hezurrari modu fisiko zein kimikoan heltzen zaio osteointegrazioa izeneko prozesuaren bidez. Gaitasun honek titanioa medikuntzan erabiltzeko material aproposa bilakatzen du, esate baterako traumatologiarako. Inplantea jarri aurretik, inplantea jarri nahi den gunearen hezurraren forma eta dimentsioak ezagutu beharko ditugu. Garrantzitsua da hezur altuera eta zabalera egokiak izatea. Normalean, dagoen hezur kopuruaren inguruko informazio zehatza lortu eta inplantearen tamaina zehatza aukeratzeko, TC moduko irudi erradiologikoak beharrezkoak izaten dira. Inplantea kokatzeko hezur nahikorik ez badago, hezur-birsortze prozesuak kasu batzuen irtenbide izan litezke.

Behin inplantea aukeratuta, hau jartzeko prozedurari ekingo diogu. Prozedura klinikan bertan burutzen da, beste hainbat tratamenduetan bezala anestesia lokala erabilita. Prozedura bukatutakoan, orbaintze-tapoia jarriko dugu eta hau osteointegrazio prozesuan zehar mantenduko dugu, zeinak inplantearen kokaleku eta kasuaren arabera 3 eta 6 hilabete bitartean iraungo duen. Denboraldi horretan zehar hezurra inplantearen inguruan haziko da, mastekatzean eragindako kargak jasateko egonkortasuna lortzeko. Osteointegrazio fasea bukatutakoan, hainbat hitzordutan burutzen den fase protetikora pasako gara. Neurrira egindako protesia lantzeko moldea egiteko inpresioak hartzen dira eta azken protesia jarri aurretik hainbat proba eta doikuntza egiten dira.

Hainbat hortz galdu diren kasuetan, bi inplanteren gaineko zubi baten bidez erehabilitatu daiteke. Prozedura aurretiaz azaldutakoaren berdina da baina kasu honetan zubiak tartean dauden bitarteko hortzak ere ordezkatzen ditu, bi inplanteren bidez hiru hortz ordezkatuz. Eskakizun-estetiko handiko kasuetan hezurraren egoerak hala uzten badu, inplnateak jarri ondoren, berehalako hortz probisionalak jar daitezke. Probisional horien funtzio bakarra estetikoa da, ezin dira mastekatzeko erabili, karga handiegiak inplantearen osteointegrazio prozesuan eragina izan baitezake. Behin osteointegrazio-prozesua pasata, behin betiko protesia jarriko da.

Hortzik gabeko pazienteetan inplanteak oso lagungarri izan daitezke. Kasu askotan bi inplanterekin bakarrik hortzeriaren erretentzioa lor daiteke. Kasu bakoitzean erretentzio-elementu desberdinak erabiltzen dira, beharrezkoa den erretentzio motaren arabera diseinuaren araberako erretentzio handiagoa edo txikiagoa jarriz.

Scroll to Top